Txirri, Mirri eta Txiribiton telebistan (1994)

Txirri, MIrri eta Txiribiton pailazoak telebistan EITBn

1994an berriro ere ETB 1era itzuli ziren pailazoak. Txirri, Mirri eta Txiribiton izeneko saioa egin zuten. Ordubeteko 24 atal grabatu zituzten eta gero, momenturik onenen bildumekin beste 11 saio sortu zituzten. Hauetan ere beti egitura berdina zen: Agurra, abestia eta esketxa; Kinkirrinera izeneko atala (haurrek kantatzeko); Jolasean ze arraio! (jolasteko); Allakuidaos atala (eztabaidarako); abestia; pasadizoak eta Azkenputz.

Atal hauetan, behin baino gehiagotan, Xabierren eta Piterren seme-alabek (Mikel Otaegi, Patrizia, Kattalin eta Peru Ansorena) pailazoen haurtzaroko irudiak antzeztu izan zituzten. Pailazo diskoaren azalean, esaterako, Mikel, Kattalin eta Patrizia ageri dira (bederatzi urte geroago, 2003an, hauek izan ziren Txirri, Mirri eta Txiribiton juniorren paperak egin zituztenak eta gaur egungo pailazo ofizialak).