Txirri, Mirri eta Txiribiton (1983)

Txirri, Mirri eta Txiribiton 1983an alai

1983 amaieran Martin Ibarbia ekoizleak Xabier eta Jose Ignaziori deitu zien Euskal Telebistarako lan bana eskatzeko: Xabierri Donostiako haur danborradaren erretransmisioa egitea eta Jose Ignaziori Euskadiko Orkestrak eman behar zuen saio berezia aurkeztea. Bi eskeintzak bete eta ondoren hirugarrena etorri zen: 19841985 ikasturtean astero emitituko zen pailazo saio bat egitea haurrentzako. Saioaren iraupena pailazoen eskutan utzi zuten, ordu erdi edo ordubete. Hauek ordu erdi laburregia izango zela eta astero ordubeteko saioa egitea erabaki zuten.

Ordurako Kixki, Mixki eta Kaxkamelonek beraien azken saioa emana zuten eta taldea eraberritu behar izan zuten telebistarako. Izena aldatu eta Txirri, Mirri eta Txiribiton izatera pasa ziren. Xabier Otaegik egiten zuen Txirrirena, Jose Ignazio Ansorenak Mirrirena eta Txiribitonena egiteko berriz, Txema Vitoriari deitu zioten. Txemak aurretik ordezkapen batzuk eginak zituen eta noizbehinka pailazoekin antzeztu izan zuen.

Pailazoen izenak aldatu zituzten, baina pertsonaien izaera ez: pailazo azkarra, inozo bihurria eta mutu bihotz onekoak izaten segitzen zuten. Estetika ordea, aldatu zuten. Jantzi berriak zituzten (Mari Karmen Yuberok egindakoak) eta aurpegiko makilaia ere berriro diseinatu zuten (Karmele Soler eta Amaia Bontigi, Euskal Telebistako makilarien eskutik).