Don Don Kikilikon (1984-1988)

Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen hasiera oholtza gainean

Euskal Telebistako programa hark Don Don Kikilikon izena zuen eta lehenengo emisioa 1984ko abenduaren 22an izan zen. Orduan hasi ziren ezagun egiten “puxtarri” hitza puntuak esateko, “Tortolika” hegazkina, “Amona Martxelon”… Lehenengo denboraldian hogeita bost atal grabatu zituzten eta denek egitura berdina zuten: pailazoen agurra eta eszena komikoa, abestia, Debuluzon lehiaketa, Amona Martxelonen ipuinak (Aitzpea Goenagak egiten zuen Amona Martxelonena eta Aitona MartxelonenPaco Sagarzazuk); Tortolikaren bidaiak eta amaitzeko beste abestia (zuzeneko orkestra zuten Xabier Lizasok zuzenduta).

Don Don Kikilikonen bigarren denboraldian aldaketa nabarmenak izan ziren, 19851986 ikasturtean. Txanda honetan beste berrogei atal egin zituzten eta gidoilaria hartu zuten: Andoni Egaña. Ordura arte Xabier eta Jose Ignazio ziren gidoiaz arduratzen zienak. Gainera, Jaime Otamendi ere lantaldera batu zen koordinatzaile lanetan eta dekoratu berria egin zuten. Garai honetan hasi ziren chroma key teknika ere erabiltzen.

Bigarren denboraldia amaitzeko, Euskal Telebistak zuzenean eman zuen lehenengo emankizuna egin zuten. Zarauzko kiroldegitik zuzenean emititu zuten denboraldiko azkeneko saioa 3.000 haurren aurrean.

Hirugarren denboraldian, 19861987an, beste berrogei atal grabatu zituzten eta 100. atalera iritsi ziren. Esketx gehiago egiten hasi ziren eta Eneko Olasagasti eta Carlos Zabala gidoilari lanetan hasi ziren. Gainera, Debuluzon lehiaketak tamaina handiagoa hartu zuen eta proba berriak egin zituzten. Denboraldi honetan saio bereziak ere egin zituzten: jubilatuekin, adimen urrituekin eta zuzeneko bi emanaldi Bilbotik eta Gasteizetik.

Guztira lau denboraldi egin zituzten 1984 eta 1988 urteen artean.